SARRERA


Zigortuak wifi ez ipintzeagatik

Duela urte bete Hezkuntza Sailak Eskola 2.0 egitasmoa martxan jarri zuenean, prentsaren bitartez izan genuen bere asmoen berri ikastetxeetan. Bi ikasturtetan zehar 5. eta 6. mailetako ikasleentzat ordenagailu bana banatu, gela horietan arbela digitalak jarri eta hau guztia erabili ahal izateko wifi konexioak egingo zirela ikastetxe guztietan.

Europan kontrako neurriak hartzen ari direnean, Hezkuntza Sailak entzungor egin die hainbat adituren informeei eta, are larriago, Europako Legebiltzarrak 2008ko iraileko eta 2009ko apirileko Ebazpenetan jasotako irizpenei ere muzin egin die, ebazpen horietan gobernuei eskatzen baitzaie ume eta nerabeak hari gabeko sareen erradiazioetatik (WIFI, etab.) babesteko neurriak hartzea. Egun, ez dago erabateko ziurtasunik teknologia mota honek osasunarekiko izan ditzakeen ondorioez, ezta kaltegarria ez dela frogatzen duen ikerketarik ere.

Bestalde, gogorazi beharra dago duela hamar bat urte ikastetxeak informatizatzeko Premia proiektua indarrean jarri zenetik, EAEko ikasgela guztietako konexioa kablearen bitartez bermatua dagoela dagoeneko.

Testuinguru honetan, aukera guztiak aztertuta, Lezo Herri Eskolako Organo Gorenak Eskola 2.0 egitasmoan sartzeko konpromisoa hartu zuen (2010 otsailaren 4an), aldagai bakar batekin, konexioak wifiren bidez egin beharrean, kable bitartez egitea, hain zuzen, baita ikasgeletan dagoen konexiotik abiatuta ikasle bakoitzak bere ordenagailua erabili ahal izateko proiektua aurkeztea eta gurasoen aldetik finantzatzea ere. Hezkuntza Sailak muzin egin dio proposamen honi eta oraindik orain eskolak ez du inolako erantzunik jaso, aitzitik aurtengo ordenagailuak (45) duela astebete eraman dizkigu.

Wifi ez jartzeagatik zigortuak izan gara inolako logikarik gabe, edozein ikuspegitatik aztertuta ere. Zergatik ukatzen zaie Lezoko ikasleei teknologia berrietan aritzeko eskubidea? Soil-soilik euren gurasook zein irakasleok wifiren ondorio kaltegarrien inguruan zalantzak ditugulako? Ez al da zilegi zalantza horiek izatea Europako hainbat zientzialarik eta adituk bezala? Hezkuntza Sailak bultzatutako proiektu bat izanda, zer dela eta bihurtzen du bitartekoa oztopo, alderdi pedagogikoak baztertuz? Ez al da akaso garrantzitsuagoa gure gazteak teknologia berrietan heztea, erabilitako konexio mota baino? Galdera hauek guztiak behin eta berriz egin dizkiogu Hezkuntza Sailari eta lortu dugun haien erantzun bakarra ordenagailuak kentzea izan da. Antza denez, argudioen ezean autoritarismoa da gelditzen den bide bakarra, “autoritas” irabazten ez denean agintekeriaz jokatu beharra.

Guk ez diogu inori gure erabakia inposatu nahi, hau da, ikastetxe guztietan konexioak kableen bitartez egitea. Guk hartutako erabakia errespetatzea besterik ez diogu eskatzen Hezkuntza Sailari.

Oztopoak oztopo, Lezo Herri Eskolako hezkuntza komunitateak bere hezkuntza proiektuaren baitan, ikas-irakas prozesuan teknologia berriak txertatzeko aspaldian hartutako konpromisoa berresten dugu, gure lanean sinesten dugulako, gure ikasleak gure eguneroko praktikaren abiapuntu zein helburu direlako eta gure ikastetxearen autonomia aldarrikatzen dugulako, wifi ala kablearen arteko auzian erabakitzeko ahalmena izatea, besteak beste. Zer gutxiago?


LEZO HERRI ESKOLAKO ESKOLA KONTSEILUA


Lezon, 2011ko otsailaren 17an

1 comentario: